Gaur:
1997ko ekainetik Amnesty International erakundearen Espainiako zuzendaria da. Giza Eskubideen aldeko erakundeak 80.000 kide eta 100 lan-talde baino gehiago ditu Espainian, eta Beltránen ardurapean dago Bulego Nagusiaren zuzendaritza. Bertan, 60 langile kontratudunek eta 200 boluntariok baino gehiagok egiten dute lan.
Duela gutxira arte idazkari nagusiaren aholkularia izan da Amnesty Internationalek mundu osoan dituen proiektu orokorren arloan. Gaur egun Amnesty Internationalen Kudeaketa Talde Orokorreko partaidea da.
Garapen Ikasketetan diplomaduna da Londresko Unibertsitateko Birbeck Collegen. 1993. urtetik 1995era egin zituen ikasketok.
Era berean, irakasle gonbidatua da Granadako Unibertsitateko eta Euskal Herriko Unibertsitateko Giza Eskubide eta Lankidetzako masterretan, giza eskubideen urraketen ikerketako irakaslea Madrilgo Unibertsitate Autonomoko Nazioarteko Harremanetako masterrean, eta Giza Eskubideen Institutuko irakaslea La Platako Unibertsitateko Giza Eskubideen masterrean.
Informazio osagarria:
Latinoamerikako zenbait herrialdetan bizi izan zen 90eko hamarkadaren hasieran, besteak beste, Argentinan, Ekuadorren eta Costa Rican. Horietan guztietan garapenerako nazioarteko aholkulari-lanak egin zituen Amnesty International erakundearen barruan. Herrialde horietan erakundearen egitura garatzeaz arduratu zen.
Londresen bizi izan da eta erakundeko Nazioarteko Idazkaritzarentzat egin du lan, hainbat lanpostutan, 1992tik 1996ra.
1992. eta 1993. urteetan, hain zuzen, Amnesty International Latinoamerikan eta Kariben garatzeko arduraduna izan zen. Eskualdeko 20 estatu baino gehiagotan erakundea garatzea izan zen bere egitekoa.
1994. eta 1995. urteetan, berriz, erakundeko idazkari nagusiaren bulegoko zuzendaria izan zen. Idazkari nagusia da erakundeak mundu-mailan duen funtzionario gorena. Bulegoa zuzentzeaz arduratu zen urteetan, idazkari nagusiaren aholkulari nagusia izan zen, eta Nazioarteko Idazkaritzaren Kudeaketa Talde Gorena koordinatu zuen Londresen.
1997ko ekainera arte giza eskubideen urraketak ikertu zituen Guatemalan, Costa Rican eta Panaman. Herrialde horietan eskubideen urraketak dokumentatu eta ikertzea eta gobernuen aurreko presio-lana diseinatzea izan zen bere egitekoa. Ildo horretan, landa-lana egin eta ikerketa-misioak eraman zituen aurrera aipatutako herrialdeetan.
Azken urteetan, halaber, Amnesty Internationalen izenean 20 ikerketa-misiotan hartu du parte zuzenean, tokian tokiko lekukotzak jaso eta gobernuekin mintzatuz.
Giza eskubideei buruzko hainbat liburu eta lan eman ditu argitara, azkena Derechos Torcidos; Tópicos, mentiras y medias verdades sobre pobreza, política y derechos humanos (Debate argitaletxea). Poesia-liburu bat ere argitaratu du: La Jodida Intensidad de Vivir (Vaso Roto argitaletxea). Gainera, askotariko artikuluak argitaratu ditu estatuko aldizkari eta egunkarietan giza eskubideei buruz.