Barbara Perry Ontarioko Unibertsitate Teknologikoko Giza eta Gizarte Zientzien fakultateko katedraduna da, Gorrotoari, Aurreiritziei eta Estremismoari buruzko Zentroko zuzendaria, eta Gorrotoari buruzko Ikerketetarako UNESCO Katedraren titularra. Lan ugari idatzi ditu justizia sozialaz —oro har—, bereziki gorroto-delituez eta eskuineko estremismoaz. Zenbait liburu argitaratu ditu gai horietako bakoitzaz; besteak beste, Diversity, Crime and Justice in Canada, In the Name of Hate: Understanding Hate Crime eta Right-wing Extremism in Canada. Gorroto-delituei buruzko bost liburukiren editore orokorra izan zen (Praeger), eta bilduma horren hirugarren liburukiaren editorea (Victims of Hate Crime). 2019an Right-wing Extremism in Canada argitaratu zuen, Ryan Scrivensekin elkarlanean. Zenbait jakintza-alorretako aldizkarietan argitaratu izan dituzte haren lanak: Theoretical Criminology, Studies in Conflict and Terrorism, Journal of History and Politics eta American Indian Quarterly. Gorroto-delituak ikertzen jarraitzen du Perry doktoreak, eta ekarpen garrantzitsuak egin dizkio gai horren ezagutza mugatuari; besteak beste, gai hauen gaineko lanak plazaratu ditu: musulmanen aurkako indarkeria, antisemitismoa eta juduen aurkako gorrotoa, 2SLGBTQI komunitateen aurkako gorroto-delituak, eta gorroto-delituek eta eskuineko estremismoak Kanadako gizartean duten inpaktua. Maiz jotzen dute Perryrengana Ontarioko, Kanadako eta nazioarteko politikariek, profesionalek eta hedabideek, gorroto-delituei eta eskuineko estremismoari buruz informazio eta aholku eske.