Kavita Devi kazetaria Khabar Lahariya egunkariaren sortzailekide eta editorea da. Banda hirian jaio zen —atsegin du bere burua Kavita Bundelkhandi izenarekin aurkeztea, sorterriko eskualdeari erreferentzia eginez, bere abizena erabiltzeari uko egin baitzion aspaldian—. Eskualdeko lehen dalit emakumea da albiste- eta iritzi-telesaio bat astero aurkezten duena: The Kavita Show. Indiako Editoreen Elkargoko kide dalit bakarra da. Hainbat urtetako esperientzia du informazioa lekuan bertan ematen; izan ere, erreportari gisa hasi zen lanean, eta gaur egun ere ohikoa da erreportari-lanean ikustea gertaera berezi batzuen berri ematen. Lehen mailako inspirazio-iturritzat eta ahalduntze-eredutzat hartzen da Kavita, batez ere emakumeentzat. Horrez gain TED (teknologia, entretenimendua eta diseinua) hizlaria da.