Fabian Salvioli Nazioarteko Zuzenbide Publikoko irakasle titularra, Giza Eskubideen Institutuko zuzendaria eta Giza Eskubideen Maisutzako zuzendaria da Argentinako La Platako Unibertsitate Nazionaleko Zientzia Juridiko eta Sozialen fakultatean. Abokatua, Nazioarteko Harremanetan magisterra eta Zientzia Juridikoetan doktorea (cum laude) da aipatutako Unibertsitatean.
Halaber, Estrasburgoko (Frantzia) Giza Eskubideen Nazioarteko Institutuko Batzar Nagusietako kidea eta Giza Eskubideen Institutu Amerikarreko partaidea da. Berg Institute (Madril, Espainia) erakundeko zuzendarikide ere bada.
Irakasle aritu ohi da graduondoko, maisutzako eta doktoretzako ikastaroetan Argentinako Errepublikako eta kanpoko erakunde akademiko askotan —tartean Erromako La Sapienzan eta Paris II deiturikoan (Sorbonan)—. Horietan irakasle gonbidatua da, tesiak zuzentzen ditu eta ebaluazio-epaimahaikidea da.
Ehun eta berrogeita hamar argitalpen baino gehiago plazaratu ditu Amerikako, Europako eta Asiako hainbat herrialdetan, gehienak gaztelaniaz, eta batzuk frantsesez, ingelesez, nederlanderaz eta koreeraz.
Aholkulari-lanak egin ditu zenbait erakundetan, hala nola Europako Kontseiluan, Depaul Unibertsitatean, Unicefen, Newlinken eta Garapenerako Nazio Batuen programan.
2009. eta 2016. urteen artean Nazio Batuen Erakundeko Giza Eskubideen Batzordeko kidea izan zen, eta lehendakaria 2015-2016 aldian.
Berariaz eratutako diruzko erreparazioetarako epaimahaietan kide eta lehendakaria izan da Giza Eskubideen Amerikako Batzordeak onartutako Argentinako Errepublikari buruzko Adiskidetasunezko Konponbideen esparruan.
Amnesty Internationaleko ordezkaria izan zen Argentinako sekzioaren lehendakaria zela, baita erakunde horretako nazioarteko idazkaritza-taldeko kidea ere Nazioarteko Zigor Gortea sortu zuen Erromako Konferentzian.
Bere lana dela eta, sari eta aipamen ugari jaso ditu; besteak beste, La Platako Hiritar Gailen izendatu zuten, Oaxacako Udaleko Bisitari Agurgarri, Buenos Aires Probintziako Pertsona Nabarmen, La Platako Unibertsitate Nazionaleko Gradudun Gailen, Buenos Airesko Unibertsitateko Ohorezko Irakasle eta Pampako Unibertsitate Nazionaleko Ohorezko Irakasle. Era berean, aipamen bereziak jaso ditu Argentinar Nazioko Senatu Ohoragarriaren eskutik, La Platako Departamentu Judizialeko Abokatuen Elkargoaren izenean eta Latinoamerikako Zinema eta Giza Eskubideen Nazioarteko Jaialdian (DERHUMALC).