Granadako Unibertsitateko (Espainiako) Zigor Zuzenbideko eta Kriminologiako irakasle titularra da Miguel Ángel Cano Paños. Horrez gain, Kriminologia Graduko koordinatzailea da unibertsitate berean, Adin Txikikoen Kriminalitateari eta Gizarteratzeari buruzko Master Ofizialeko koordinatzailea eta Elxeko Miguel Hernandez Unibertsitateko CRIMINA zentroko aholkulari zientifikoa. Revista Electrónica de Ciencia Penal y Criminología aldizkariko zuzendariordea ere bada.
Bartzelonako Unibertsitatean Zuzenbide eta Kriminologia ikasketak amaitu ondoren, 1996an Alemaniara joan zen. Bertan, Zigor Zuzenbideko Masterra egin zuen Münsterreko Unibertsitatean, eta 1998an eskuratu zuen titulua. Ondoren, Potsdameko Unibertsitatean izan zen, eta, bertan, Zigor Zuzenbideko Doktoregoa lortu zuen, 2003an.
2008an, Granadako Unibertsitatera joan zen, Ramón y Cajal programaren esparruan. Gaur egun, bertan dihardu irakaskuntzan, ikerkuntzan eta unibertsitate-gestioan, Unibertsitateko irakasle titularra baita. 2015ean, Kriminologia Masterra egin zuen Cano irakasleak, Murtziako Unibertsitatean (Espainian).
Zigor Zuzenbideari eta Kriminologiari lotutako hainbat alderdiri buruzko 60 argitalpen baino gehiago ditu idatzita. Espainiako, Alemaniako eta beste herrialde batzuetako eragin handiko aldizkarietan argitaratu dira horiek. Era berean, 80 hitzaldi baino gehiago eman ditu azken urteetan hainbat herrialdetan, terrorismoa, delinkuentzia antolatua, delituaren ondorio juridikoak, gazte-delinkuentzia eta teoria kriminologikoak hizpide hartuta. Terrorismo islamistari dagokionez, azpimarratzekoa da «Generación yihad. La radicalización islamista de los jóvenes musulmanes en Europa» («Jihad-belaunaldia. Europako gazte musulmanen erradikalizazioa) izeneko obra, Sykinson argitaletxearen bidez 2010. urtean argitaratua.
Cano irakasleak ikerkuntzako zenbait egonaldi egin ditu Espainiako eta beste herrialde batzuetako unibertsitateetan. Horien artean ospe handiko zentroak azpimarra daitezke, hala nola Münster, Potsdam, Berlin, Heidelberg, Fribourg, Viena eta Turkuko unibertsitateak.