1. SAIOA. GIZA ESKUBIDEEN NAZIOARTEKO ZUZENBIDEAREN BALANTZEA BERE HASIERATIK GAUR ARTE
17:00 - 18:00
Izen Ematea
18:00 - 18:30
Inaugurazioa
JONAN FERNANDEZ Eusko Jaurlaritzako Giza Eskubide, Bizikidetza eta Lankidetzaren Idazkari NagusiaMANUEL LEZERTUA ArartekoaIrak. Dk. NEKANE BALLUERKA Universidad del País Vasco-Euskal Herriko Unibertsitateko ErrektoreaModeratzailea: Irak. Dk. JON-M. LANDA Zuzenbide Penaleko Katedraduna eta Giza Eskubideen eta Botere Publikoen UNESCO Katedrako Zuzendaria. UPV/EHU
18:30 - 19:10
Hasierako Hitzaldia. Eskubide Ekonomiko, Sozial eta Kulturalak: asmoetatik errealitatera?
Hasierako Hitzaldia: Eskubide Ekonomiko, Sozial eta Kulturalak: asmoetatik errealitatera?
VIRGÍNIA BRÁS GOMES
Giza eskubideen ikuspegia, 70. urteurrena bete duen Giza Eskubideen Aldarrikapen Unibertsalak hitz ederrekin jasota duena, lau askatasunetan agertzen da: hitz- eta adierazpen-askatasuna; kultu-askatasuna; beldurrik gabe bizitzeko askatasuna; eta miseriarik gabe bizitzeko askatasuna. Azken hori, Ekonomia, Gizarte eta Kultura Eskubideen Nazioarteko Itunean jasota dauden ekonomia- eta gizarte-eskubideen sintesitzat hartua izan da.
Duintasunez bizi nahi duten pertsona arrunten eguneroko eskubideak dira. Beraz, estatuek, arduradun direnez, horiek aplikatzeko oinarrizkoak eta progresiboak diren eginbeharrak bete behar dituzte, eskura dituzten baliabide guztiak erabiliz. Baliabideak sortu behar dituzte ekonomia-, gizarte- eta kultura-eskubideak gauzatzea ahalbidetuko duten politika publikoak aurrera eramateko, eta baita gizarte-transferentziak bultzatzeko ere, krisi-garaietan areagotu egiten diren desberdintasunak murrizte aldera. Halaber, justiziaren eskuragarritasuna bermatu behar diete eskubideen urraketa pairatu eta erreparazioa eskatzen dutenei. Batez ere, borondate politikoa behar dute eskubide horiek onartu eta aplikatzeko.
Ekonomia-, gizarte- eta kultura-eskubideak gauzatze aldera eragin handia duten erronkak ditugu munduan. Honako hauek, esaterako:
• Globalizazioaren kostuen eta irabazien banaketa bidegabea.
• Atzeraldi ekonomikoa, langabezia eta enplegu-modu atipikoak, ondorio kaltegarriak eragiten baitituzte gizartean orokorrean, baina bereziki emakumeengan, gazteengan, desgaitasuna duten pertsonengan, gutxiengo etnikoengan, kultura- eta erlijio-gutxiengoengan eta estatuaren babesa behar duten pertsonengan.
• Ongizate Estatuaren ahulezia, eta ongizate publikoa eta pribatua uztartzea guztiontzat —eta batez ere gizarte-egoera ahulenean daudenentzat— bideragarri egiteak dakartzan erronkak.
• Agintari publikoek neurri handi batean gainbegiratu beharreko eskubideak benetan gauzatzeko beharrezkoak diren zerbitzuen deszentralizazioa eta pribatizazioa.
• Emakumeen eta gizonen rol aldakorrak, eta goraka doan laneko eta familiako bizitza eta norberarena uztartu beharra.
• Garapenaren eta megagarapenaren hamaika aurpegiak, tokian tokiko komunitateetara aurrerapena eta ongizatea handitzea ekarri ohi ez dutenak, baina bai, ordea, joanarazteak, lekualdaketak eta pobrezia handitzea.
• Eskubidedunak hirugarrenek egindako eskubide-urraketetatik babestu beharra, oraindik ere ezbaian diren gaiak kontuan hartuta, lurraldez kanpotasuna, adibidez.
• Klima-aldaketaren eta ingurumen-narriaduraren eraginak ekonomia-, gizarte- eta kultura-eskubideetan; izan ere, eragin horiek ez dira oraindik ulertzen eta neurri txikian sartzen dira politika publikoetan.
• Iheslarien eta migratzaileen munduko krisi itzela, hainbeste gizon, emakume eta haurren alferrikako heriotza eta beste askoren sufrimendu fisiko eta emozionala eragin dituena. Etengabe gogorarazten digu ez dugula onartzen ez babesten gizakiak berezko duen duintasuna.
• Gizakien eta herrialdeen arteko desberdintasun gero eta handiagoak, eta esparru demokratikoak mundu osoan pairatzen duen murrizketa; alarmak piztea eragin dute.
Pertsonen, familien eta taldeen eskubideen aurrean ohikoa baino jarrera hobea duten testuinguru nazionalak behar ditugu, eta elkartasuna, erantzunkidetasuna, elkarrekiko errespetua eta osagarritasuna oinarri dituzten nazioarteko lankidetza-eredu berriak.
Erronka horiek ez daude garatzeko bidean, puri-purian baizik!
VIRGÍNIA BRÁS GOMES Nazio Batuen Eskubide Ekonomiko, Sozial eta Kulturalen Batzordeko Presidentea eta Portugaleko Lan, Elkartasun eta Gizarte Segurantza Ministerioan aholkularia
19:10 - 19:50
Hasierako Hitzaldia. Pro homine interpretazioa, nazioarteko zuzenbidea aplikatzeko metodo hermeneutikoa
Pro homine interpretazioa, nazioarteko zuzenbidea aplikatzeko metodo hermeneutikoa
Irak. Dk. FABIÁN SALVIOLI
Pertsona guztien giza eskubideak eta funtsezko askatasunak inolako diskriminaziorik gabe errespetatu eta bermatzea da estatu demokratikoen eginkizun nagusia, demokraziaren eta giza eskubideen arteko erlazioak osotasun banaezina osatzen baitu.
Hala, gizakien eskubideak babestea obligazio bat da —ez aukera bat— estatuentzat, eta, beraz, baita horren barruko botere guztientzat ere.
Gai horretako nazioko eta nazioarteko zuzenbidea ezinbesteko tresna da botere publikoak interpretatzeko, eta giza eskubideen zientziak —arauak, produkzioa, erabakiak— berezko mekanismo hermeneutiko bat du, pro homine ikuspegia, hain zuzen ere, etengabeko eboluzioan elkarri eragiten eta elkar elikatzen duten elementu batzuek osatua.
Lehen elementua funtsezko pro homine printzipioa da, eta besteak beste arau, eskubide, estatuen betebehar eta balizko mugen pro homine interpretazioa.
Bigarrena interpretazio teleologikoa (finalista) da, eta giza eskubideen tresnetan aurreikusitako helburuak eta arau bakoitza betetzen direla bermatzea du xede. Garrantzitsua da araua aplikatzeko orduan betetzea eginkizun hermeneutikoa, eta ez araua onartu zenean aurreikusita zegoen bezala.
Organo eskudunen erabakitze-esparruak ere fede ona izan behar du oinarri, eta ikuspegi horrekin begiratu behar zaio estatuaren portaerari. Betebeharrak bete baino zerbait gehiago egin behar du estatuak, eta gai horretako inguruko nazioarteko erabaki jurisdikzionalak eta kuasijurisdikzonalak bete eta jarraitu behar ditu.
Pro homine interpretazioak, gainera, efektu baliagarriaren printzipioa aplikatzea ere eskatzen du, giza eskubideak bermatzea xede duten arauek eragin egokia izan dezaten, berdintasunari, praktikotasunari eta eraginkortasunari lotutako irizpideak betetzeko eta ametsezko neurriak baztertzeko.
Ernalketa gurutzatuari eta ontzi komunikatuen erabilerari esker, beste erakunde batzuen interpretazioak eta erabakiak erabil daitezke zuzenbidea gizakiarentzako modurik onuragarrienean aplikatzeko, garapen progresiboaren ikuspegitik. Jakina, horretarako saihestu egin behar dira interpretazio erregresiboak.
rePertsonaren inguruko nazioarteko zuzenbidearen beste printzipio batzuk zeharka aplikatzen dira pro homine erabilera hermeneutikoan; hauek dira: unibertsaltasuna, banaezintasuna, elkarren mendekotasuna, garapen progresiboa eta diskriminaziorik ezaren postulatu gidaria.
Azkenik, pro homine ikuspegiak planteamendu partikularrak eta bereziak ditu egoerak hala eskatzen duenean, alegia hauek ageri direnean: genero-ikuspegia (emakumeen edo LGTBI kolektiboaren giza eskubideen urraketetarako); zentzuzko doikuntzak, diseinu unibertsala, irisgarritasuna eta erabakiak hartzeko autonomia (desgaitasuna duten pertsonen eskubideak direla eta); kultura-ikuspegia, aurretiko baimen libre eta informatua eta mundu-ikuskera (herri indigena edo tribuentzat); interes gorena (haur eta nerabeen kasuan); eta zahartze aktibo eta osasuntsuaren printzipioa (heldu adinekoen eskubideetarako).
Irak. Dk. FABIÁN SALVIOLI Egia, justizia, erreparazioa eta ez errepikatzeko bermeak sustatzeko Nazio Batuen Kontalari Berezia. Lege eta Gizarte Zientzien Fakultateko Giza Eskubideen Institutuko zuzendaria. La Platako Unibertsitate Nazionala. Nazio Batuen Giza Eskubideen Batzordeko lehendakaria ohia
19:50 - 20:15
Debatea
20:15
Saioaren amaiera
Osteguna, azaroak 8
2. SAIOA. GIZA ESKUBIDEEN NAZIOARTEKO ZUZENBIDEA TERRORISMOAREN ERRONKAREN AURREAN
08:00 - 09:00
Ahozko komunikazioak
09:00 - 10:00
Osoko bilkura. Giza eskubideak segurtasun-gabezia: badu irauteko aukerarik giza eskubideen paradigmak?
Giza eskubideak eta segurtasun-gabezia: badu irauteko aukerarik giza eskubideen paradigmak?
Irak. Dk. LIORA LAZARUS
Superterrorismoak hautsi egin du kontsentsu liberala, segurtasunaren eta giza eskubideen arteko nazioarteko ordenaren oinarria. Ipar hemisferioan, terrorismoaren aurreko beldurra arrisku objektiboa bera baino handiagoa da. Arriskua gorrotatzen duen kultura eta beldurraren politika ekarri ditu horrek. Orain, eraso terroristaren mehatxuak intolerantzia politikoa legitimatzen du. Era berean, goraka ari diren gobernu populistek euren boterea sendotzeko darabilten bitarteko politiko nagusia da: terrorismoaren mehatxua puztu eta sortutako beldurra erabili egiten dute. Legez kanpoko gobernuek “bertuteen komunikatzaile” deitzen diete giza eskubideen defendatzaileei, xaloak direla diote, ez dituztela kontuan hartzen biztanleria orokorrak dituen beldurrak. Kontakizun antiliberal horretan, ordenari dagokionez giza eskubideak mehatxu dira. Ez dira kontuan hartzen, atzera botatzen dituzte, desitxuratu eta berrinterpretatu, aseezina eta lortezina den segurtasun-idealaren alde.
Bestalde, hego hemisferioko hainbat estatutan, terrorismoa benetako mehatxua da eguneroko bizitzan. Are gehiago zuzenbidezko estatu sendorik eta giza eskubideen arloko egiturarik ez duten estatu ahuletan. Terrorismoak agerian uzten du Estatuak ez duela gaitasunik segurtasuneko eta ordenako oinarrizko egiturei eusteko, eta, aldi berean, ez dela gai herritar arrunten giza eskubideak babesteko eta sustatzeko. Hemen, terrorismoaren eta giza eskubideen arteko aurkakotasunaren adierazgarri da indarkeriaren biktimak eta biktima izan daitezkeenak babesteko estatuen ezintasuna. Testuinguru horretan, giza eskubideen defendatzaileek aurre egin behar diete baita segurtasun-arloko baliabiderik ezari eta segurtasun-gabeziak eragindako giza eskubideen aurkako mehatxuei ere.
Beraz, “segurtasuna” eta “giza eskubideak” aurrez aurre daude bai estatu sendoetan eta bai ahuletan, baina erronkak oso bestelakoak dira batean eta bestean. Estatu sendoetan, estatuaren jokabide hertsitzaile neurrigabearen mehatxupean daude eskubideak, gehiegizko segurtasuna xede. Estatu ahuletan, berriz, eskubideek estatuaren onargarritasunaren eta segurtasun-faltaren mehatxua dute. Hitzaldiak bi ikuspegietatik aztertu eta ebaluatuko ditu terrorismoak eskubideen nazioarteko ordenaren esparrura dakartzan erronkak. Azkenik, zalantzan jarriko da giza eskubideek gaitasuna ote duten bi erronkei egoki erantzun eta, aldi berean, beren izaerari eusteko. Ildo horretan, terrorismoak giza eskubideen segurtasun-gabezia dakarrela iradokiko du hitzaldiak.
Irak. Dk. Mª LUISA CUERDA ARNAU
Terrorismo jihadista esaten zaion hori giza eskubideentzako mehatxu globala da, ikuspegi bikoitz batetik. Alde batetik, erakunde eta talde kriminalek bereizketarik egin gabe erasotzen diete pertsonei eta estatuei, orain arte inoiz ikusi gabeko taktika kriminalak erabiliz. Eta, beste aldetik, nazioartean aitortutako eskubide eta askatasunak era onartezinean atzeratzea dakarten estrategiak erabiltzen dituzte demokraziarik sendoenek ere, erronka berri horri aurre egiteko.
2/2015 Lege Organikoak terrorismoaren alorrean Espainiako Zigor kodean eragin dituen aldaketak landuko ditu hitzaldiak. Helburu nagusia, hauxe: agerian uztea aldaketa horiek populismorik lotsagabeenetik abiarazi direla, eraginkortasunaren inguruko ebaluazio zorrotzik gabe ezarri direla eta, oro har, bermeen aurkako ezinikusi sakona dariela. Alabaina, badago hori baino gauza larriagorik: herritarrak onartzen hasiak dira segurtasun nazionalaz ari garenean eskubide pertsonalak alboratzeko aukera dagoela. Kontzeptu asaldatzailea da, berariaz anbiguoa, ia edozertarako aukera ematen duena. Errealitate horren aurrean, funtsezkoa eta ezinbestekoa da giza eskubideak elkarbizitza baketsuaren, zuzenaren eta solidarioaren pizgarriak direlako sineste osoa berreskuratzea gizarte demokratikoek.
Terrorismo islamistak eragindako ezkutuko mehatxua eta poliziak nola egin behar dion aurre horri. Muturreko hipotesiaren, hiltzeko tiro egitearen, analisi juridiko-penala
Irak. Dk. MIGUEL ÁNGEL CANO PAÑOS
Terrorismo islamistak hainbat ezaugarri ditu, ohiko terrorismotik —izaera etno-nazionalista edo sozial-iraultzailea duen terrorismotik, hain zuzen— erro-errotik bereizten dutena. Ezaugarri horiek bitan laburtu daitezke. Lehenbizi, etsaiaren kontzeptua oso zabala da terrorista haientzat, eta ez dute bereizten biktima zuzen eta zeharkakoen artean. Bigarrenik, haien ekintzak zeharo ustekabekoak dira; gainera, ekintza suizidak izaten direnez, oso denbora-tarte laburrean alda dezakete modus operandi edo jarduteko era. Ezaugarri horiek direla eta, poliziak nonahiko, noiznahiko eta ustekabeko mehatxuari egin behar dio aurre. Mehatxu horrek, arrisku handiko egoeretan «hertsapen zuzena» erabiltzearen eta, areago, guztiz ezohikoa den ekintza bat indargabetzeko su-armak erabiltzearen ondorioz, giza bizitza bat suntsi dezake, ustezko terroristaren bizitza bada ere. Azken bi urteetan Katalunian izandako gertaerak egoera horren adibide argiak dira. Gauzak horrela, hitzaldi honen bidez aztertu nahi dugu ikuspegi kriminologikotik eta, batez ere, juridiko-penaletik, poliziak nola erabili behar duen indarra, terrorismo islamistak eragindako mehatxuaren esparruan arrisku handiko egoerei aurre egin behar dionean.
Irak. Dk. Mª LUISA CUERDA ARNAU Zuzenbide Penaleko Katedraduna. Jaume I UnibertsitateaIrak. Dk. MIGUEL ÁNGEL CANO PAÑOS Penaleko eta Kriminologiako Irakasle titularra. Granadako UnibertsitateaModeratzailea: Irak. Dk. ADELA ASUA BATARRITA UPV/EHUko Zuzenbide Penaleko Katedradun erretiratua eta Auzitegi Konstituzionaleko magistratu emeritua
12:00 - 12:30
Debatea
12:30
Saioaren amaieraBazkaria
12:30 - 14:30
Ahozko komunikazioak
Osteguna, azaroak 8
3. SAIOA. ANIZTASUNAREN KUDEAKETAREN ERRONKA
14:30 - 15:30
Osoko bilkura. Giza eskubideak tokian-tokian: aukerak eta erronkak
Giza eskubideak tokian-tokian – aukerak eta erronkak
GERD OBERLEITNER irakasle zuzendaria
Hirigintzako prozesu orokorraren barruan, hiriek gero eta garrantzi handiagoa hartu dute giza eskubideak sustatu eta babesteko. Tokiko agintariek giza eskubideak aplikatu behar dituzte zerbitzu sozioekonomikoak ematean, espazioak kudeatzean, segurtasunean eta politikan eta kulturan parte hartzean. Gero eta argiago dago giza eskubideei buruzko nazioarteko legeak eraginkortasunez eta era praktikoan eta hurbilean aplikatzen dituztela herritarrekin, gobernu zentralaren jarduna osatuz eta, batzuetan, hari kontra eginez. Garapen horrek estatus berri bat ekarri die hiriei eta tokiko agintaritzei: giza eskubideen eragileak dira gaur egun, batzuetan banaka (adibidez, giza eskubideen hiriak) eta bestetan giza eskubideen aldeko nazioarteko koalizioetan jardunda. Nazioarteko esparru legalak eta politikoak dagoeneko hasi dira konturatzen giza eskubideak tokian-tokian funtsezko gai bat izango direla datozen urteetan. Giza eskubideen aurka dagoen erreakzio orokorra ikusirik, hiriek eskubide horiek babesteko eta sustatzeko betetzen duten eginkizuna gero eta garrantzitsuagoa izan daiteke.
Irak. Dk. GERD OBERLEITNER Nazioarteko Zuzenbideko Katedraduna. Giza Eskubideen eta Giza Segurtasunaren UNESCO Katedra. Giza Eskubide eta Demokraziarako Ikerketa eta Prestakuntzako Zentroaren Zuzendaria. Grazeko Unibertsitatea
15:30 - 16:00
Debatea
16:00 - 16:30
Kaferako atsedenaldia
16:30 - 17:30
MAHAI INGURUA
Zigor-zuzenbidea eta aniztasuna: programatutako anbibalentzia
Irak. Dk. PATRICIA LAURENZO COPELLO
Eskualdeen arteko desparekotasun ekonomikoen, gatazka armatuen eta klima-hondamendien ondorioz, azken hamarkadetan migrazio-mugimenduak itzelak izaten ari dira eta horrek gizarte oparoen izaera multikulturala areagotu du. Gune geografiko bakarrean gutxiengo etniko ugari biltzen dira, talde hegemonikoaren eredu axiologikoetatik urrun diren bizimoduak, erlijioak eta tradizioak dituztenak. Egoera konplexu horretan ekidinezina da bizikidetza-arazoak sortzea, instantzia publikoen aldetik erantzunak eskatzen dituztenak, Zuzenbide penalaren aldetik, besteak beste. Kultura-aniztasunaren ondoriozko gatazkak kudeatzeko herrialde hartzaileek garatu duten eredu politiko kriminalari erreparatuta, agerikoa da programatutako anbiguotasuna: batetik, babesa ematen zaie gutxiengoei portaera arrazisten eta xenofoboen aurrean, aniztasunarekiko errespetuaren izenean; baina, bestalde, gutxiengo horiek estigmatizatu egiten dira “astakeriatzat” eta primitibotzat jotzen diren tradizio edo errito batzuk berariaz kriminalizatuz. Babesa/zigorra eta ahultasuna/primitibismoa anbibalentzia hori politika asistentzialistaren euskarri da, eskubideen onarpenarekin zerikusirik ez duen begirada koloniala ezaugarri duen politikaren oinarri.
EBko eta kanpoko herrialdeetako migratzaileen aniztasuna eta gizarteratzea Europako Batasunean
Irak. Dk. IRIS GOLDNER LANG
Europar Batasunak (EBk) bere barruko eta kanpoko migratzaileen tratamenduari buruz zer ikuspegi duen azalduko du hitzaldiak. Ildo horretan, aztertuko du ea EBko zuzenbideak ahalbidetzen ote dien migratzaileei EBko estatu kide batean bizitzea, zer kasutan eta zer baldintzarekin. Frogatuko da alde handia dagoela EBko migrazio-politiken eta zirkulazio libreari buruzko politiken artean, eta, ondorioz, ezberdintasun nabarmenak daudela EBko migratzaileen eskubideen eta EBtik kanpoko herrialdeetako migratzaileen eskubideen artean. Gauzak horrela, hiru galdera jarriko ditu hitzaldiak mahai gainean. Lehenik, zergatik bereizten diren hainbeste mugimendu-askatasuna eta migrazio-politikak Europar Batasunean, hau da, EBko herritarren mugikortasuna eta kanpoko herrialdeetako migratzaileena, kontuan izanda pertsonen zirkulazio librearen onura ekonomikoak zenbait hamarkada daramatzatela EBn onartuta. Bigarrenik, ea halere inon bat egiten ote duten bi politika horiek. Eta, hirugarrenik, onuragarriagoa izango ote litzatekeen beste ikuspegi bat erabiltzea kanpoko herrialdeetako biztanleen mugikortasun-eskubideei dagokienez, haiei Europar Batasunean gizarteratzea errazteko edo EBren beraren integrazioa bideratzeko.
Irak. Dk. PATRICIA LAURENZO COPELLO Zuzenbide Penaleko Katedraduna. Malagako UnibertsitateaIrak. Dk. IRIS GOLDNER LANG Europar Batasuneko Zuzenbideko Jean Monnet Irakaslea. Pertsonak libre mugitzeari, Migrazioari eta Kultur-arteko elkarrizketari buruzko UNESCO Katedraren Zuzendaria. Zagrebeko UnibertsitateaModeratzailea: Irak. Dk. ADORACIÓN CASTRO JOVER UPV/EHUko Estatuko Eliza Zuzenbidearen Katedraduna
17:30 - 18:00
Debatea
18:00
Saioaren amaiera
18:00 - 19:00
Ahozko komunikazioak
Ostirala, azaroak 9
4. SAIOA. ERREFUXIATUEN ERRONKA
08:00 - 09:00
Ahozko komunikazioak
09:00 - 10:00
Osoko bilkura
Errefuxiatuei babesa ematea: erantzukizun partekatua, Errefuxiatuen inguruko Mundu Itunaren arabera
MARÍA JESÚS VEGA PASCUAL
Hiru urte igaro dira Mediterraneoko uretan gorpuak hara-hona eta Greziako uharteetan dozenaka mila errefuxiatuz eta migratzailez betetako txalupak erakusten zituzten irudi lazgarri haiek ikusi genituenetik. Orduz geroztik, asko murriztu da Europara heltzen diren etorkinen kopurua. Ez da jaitsi, ordea, Kontinentera heldu nahian egunero itota hiltzen diren gizon, emakume eta haurren zenbatekoa.
Halere, Europan kezkaz ikusten ari gara babes-eremua txikitu egin dela, gerratik eta jazarpenetik ihesi datozen pertsonenganako lege murriztaileagoak onartu direla eta besteenganako beldurra, mesfidantza eta gorrotoa elikatzen dituen kontakizun politikoa garatu dela. Politikarien lehentasuna, aldiz, pertsona horien harrera eta integrazioa errazten duen ingurunea eta haiekiko bizikidetza bideratu eta zaintzea izan beharko lirateke, mehatxu bat balira bezala ikusarazi beharrean. Kezkatuta ari gara ikusten azkenaldiko krisialdiek hondatu egin dutela estatuen gaitasun eta aginte morala giza eskubideak defendatzeko, eta politiken helburu bakarra mugen kontrola eta segurtasuna dela.
Europan errefuxiatu gutxien zeinek hartzen duen eztabaidatzen den bitartean, mundu zabalean ondoz ondoko 5. urtez gainditu da halabeharrez lekualdatutako pertsonen kopurua, eta dagoeneko 68,5 milioi lagun baino gehiago dira. Errefuxiatuen % 85 egoera ahulean edo garatzeko bidean dauden herrialdeetan dago. Errefuxiatuen Mundu Ituna, 2018aren amaieran onartuko dena, mugarri historikoa izango da. Izan ere, estatuei aukera emango die errefuxiatuen egoerari zuzenean, eraginkortasunez eta aurresateko moduan erantzuteko, hainbat eragile tartean sartuz.
Europar Batasunaren jardunbide desegokia immigrazioaren eta asiloaren gaietan
Irak. Dk. JOSÉ MARTÍN Y PÉREZ DE NANCLARES
Immigrazioaren eta asiloaren gaietan Europar Batasunak gauzatzen duen jardunbide desegokia aztertzea da hizlariaren asmoa. Ildo horretan, jardunbide horren ahulezia nagusiak zehaztuko ditu.
Europar Batasuna eratzeko itunen arabera, Batasuneko erakundeek estatuekin partekatzen dute immigrazioaren eta asiloaren gaietan politika komuna abian jartzeko eskumena (EBFTaren 77-80 art.). Baina, orain arte Europak bideratutako ekintzak aztertuta, ikusi da Batasunaren esku-hartzea ez dela nahikoa izan. Era berean, agerian gelditu da segurtasuna lehenetsi dela askatasunaren eta justiziaren aldean, nahiz eta Askatasunaren, Segurtasunaren eta Justiziaren Eremua esaten zaion horren eraketan 3 alderdien arteko oreka eta banaezintasuna beharrezkoak izan. Zalantzan jarri da, halaber, Europako integrazio-prozesuaren oinarri diren balioak eta printzipioak benetan bete ote diren ere.
Bereziki erreparatuko zaio Batasunaren kanpo-ekintzako tresna batzuen analisiari. Tresna edo baliabide horietako bat da 2016an Turkiarekin hitzartutako ituna. Ikuspegi juridikotik zalantzan jarri da tresna horiek bateragarriak ote diren EBk eta Estatu kide guztiek onartutako nazioarteko betebehar juridikoekin, Errefuxiatuen Estatutuari buruzko 1951ko Genevako Konbentziotik eratorritakoekin, esaterako. Zalantza juridikoak sortu dira, halaber, Mediterraneoan izaten ari diren gertakari kezkagarrien inguruan, bat ote datozen Nazioarteko Itsas Zuzenbideko arauekin, itsaso-salbamenduari eta naufragoak laguntzeari buruzkoekin, kasu.
Giza eskubideak “hegoaldeko mugan”
Irak. Dk. MARGARITA MARTÍNEZ ESCAMILLA
Migratzaile eta errefuxiatuei gaur egun ematen diegun tratua gure demokraziaren eta Zuzenbide Estatuaren kalitatea eta garbitasuna neurtzeko probarik onenetako bat baldi bada, gure mugetara begiratzeak beldurrez bete behar gaitu. Estatuek, migrazio irregularra kudeatzen dutenean, migratzaileen eskubideak ikaragarri mugatzen dituzten arauen babespean jarduten dute. Beste kasu batzuetan, bete eta bermatu behar dituzten arauak hausten dituzte, eta giza eskubideak urratzen. Horren adibide garbia dira gure ”Hegoaldeko Mugan” (Ceutan eta Melillan) azken urteotan izandako “bat-bateko itzulketak”.
Giza Eskubideen Europar Auzitegiaren epai batek, 2017ko urriaren 3koak (Espainiaren aurkako ND eta NT gaia), Europar Hitzarmenaren kontrakotzat jo zituen jardunbide horiek. Halere, gobernu sozialistak eutsi egin dio aurreko gobernuak epai horren kontra Areto Nagusira jotzeko eskaerari. Lapurpen hau idatzi dudanean, epai hori, migratzaile eta errefuxiatuen giza eskubideetarako funtsezkoa, ez zen irmoa.
Bitartean, Espainiako Erresumak eta Marokoko Erresumak 1992an sinaturiko Berronartze Akordioa nola aplikatzen den ere ikusi dugu. Orain arte, ondoko herrialdearen oposizioa zela eta, gauzatu gabe zegoen akordio hori. Eta, akordioaren aplikazioa normalizatuz gero, giza eskubideen ikuspegitik oso agertoki eztabaidagarria zabalduko litzateke.
Arrazoi franko daude ibilian dauden pertsonen eskubideen eraginkortasuna zalantzan jartzeko. Izan ere, estatuek berek eskubide horiek babesteko interesik ez dute eta, gainera, eskubideak gauzatzeko bete beharreko baldintza pertsona horiek jada lurraldean egotea da. Hortaz, mugak gotortzea lehen mailako helburu bilakatu da. “Europa gotorlekua” esamoldea ez da metafora hutsa, errealitate odoltsua baizik, Mediterraneoa munduko hilerririk handiena bihurtu duen errealitatea, hain zuzen.
Irak. Dk. JOSÉ MARTÍN Y PÉREZ DE NANCLARES Nazioarteko Zuzenbide Publikoko eta Nazioarteko Harremanen Katedraduna. Salamancako UnibertsitateaIrak. Dk. MARGARITA MARTÍNEZ ESCAMILLA Zigor Zuzenbideko Katedraduna. Iusmigranteren I+G+b-ko Ikertzaile Nagusia. Madrilgo Complutense UnibertsitateaModeratzailea: Irak. Dk. MARÍA DOLORES BOLLO AROCENA UPV/EHUko Nazioarteko Zuzenbide Publikoko Irakasle Titularra
12:00 - 12:30
Debatea
12:30
Saioaren amaieraBazkaria
Pausa comida
12:30 - 13:30
Ahozko komunikazioak
Ostirala, azaroak 9
5. SAIOA. GIZA ESKUBIDEEN ETORKIZUNA
14:30 - 15:55
Itxiera hitzaldia
Debatea
ESTEBAN BELTRÁN VERDES
«Demonizazio-politika» deitu diogunak erronka larria edo, beharbada, mehatxu existentziala dakarkio giza eskubideen proiektu osoari. Izan ere, lankidetza eta nazioarteko arauak babesa galtzen ari dira, eta gero eta gobernu gehiago azaltzen dira giza eskubideen etsai, sarritan iritzi publikoa alde dutela.
Demonizazio-diskurtsoak gero eta nabariagoak dira, hedatuago daude eta herritarren babes handiagoa dute. Baldintza batzuk aprobetxatzen dira sistematikoki, demonizazio-politikak sustatzeko. Adibidez, desberdintasuna gero eta handiagoa da munduko leku askotan, baita desplazamendu kulturalaren pertzepzioa ere. Politikariek egoera hori aprobetxatzen dute, eta, diskurtso sinplifikatuak erabiliz, herritarren nahigabea eragiteko errudunak identifikatzen dituzte: askotan, etorkinak edo bestelako gutxiengoak.
Gorrotoa eta beldurra erretorikatik errealitatera igaro dira. Izan ere, gobernu asko saiatu dira gutxiengoen eta talde marjinatuen eskala handiko diskriminazioa normalizatzeko politikak ezartzen.
Munduan oso lider gutxi daude giza eskubideen alde azaltzeko prest. Gauzak horrela, gobernuak, inolako lotsarik gabe, giza eskubideak babesteko bermeak ari dira kentzen, kostata irabazitako bermeak, hain zuzen ere.
Egoera horren aurrean, jendea mobilizatzen ari da, gobernuek ez dutelako haien oinarrizko premiak asetzen, batez ere etxebizitzari, lanari eta eskubide ekonomikoei dagokienez. Ezberdintasunak izan duen hazkunde ikaragarria dela eta, banaketa soziala areagotzeko giro aproposa ari da sortzen, eta, horrela, giza eskubideak urratzeko arriskua ere handitzen ari da. Eta, giza eskubideak ukatuz, gobernuak erabateko etsipena ari dira sortzen.
Zailtasun sozial eta ekonomiko handiek —austeritatea, abusu fiskalak, gobernuek arazo horiei irtenbiderik ez jartzea...— giza eskubideen hondamendia eragin lezakete, eta horrek milioika lagunengan izango luke eragina. Adibidez, Europan, herritarrak kalera irten ziren Espainian, Grezian, Erresuma Batuan eta Serbian, austeritate-neurri batzuen eragin kaltegarriaren kontra protestatzeko. Bestalde, Ingalaterran egindako ikerketa batzuek erakutsi dutenez, osasun-laguntzan eta gizarte-zerbitzuetan egindako murrizketek 120.000 lagun inguru hiltzea eragin zuten. Eta, 2017an, gastu publikoaren murrizketa handiak izan ziren Indonesian, Mongolian eta Sri Lankan.
Giza Eskubideen Adierazpen Unibertsalaren 70. urteurrenera hurbildu ahala —2018ko abenduan izango da—, gero eta agerikoagoa da aurrean dugun erronka. Heldu da garaia pertsona guztien berdintasunaren eta duintasunaren funtsezko ideia berreskuratzeko, balio horiek balioesteko eta politiken formulazioa eta aplikazioa gidatzen dituen oinarria izan daitezela eskatzeko.
Gobernuek lehentasuna eman behar diete giza eskubideei, bai nazio barruan bai nazioartean. Munduko lider nabarmenak funtsezko askatasunak mugatzeko ahaleginetan ari diren eta gerra-krimenei eta gizateriaren aurkakoei ezikusia egiten zaien bitartean, giza eskubideetako lidergo globalik ezak ondorio larriak ekarri ditu.
Gero eta arriskutsuagoa da ahotsa altxatzea, eta gobernuek buelta eman beharko diote joera horri, adierazpen-askatasunerako eskubide preziatua babestu nahi badugu. Komunikabideen kontrako erasoak aurrekaririk gabeko muturretara heldu dira, giza eskubideen aldeko aktibisten kontrakoak bezalaxe. Gizarteek aurrera egingo badute, boterean daudenak kontrolpean izateko bideak jarri behar dituzte.
ESTEBAN BELTRÁN VERDES Amnesty International Espainiako ZuzendariaJEROEN SCHOKKENBROEK Diskriminazioaren aurkako zuzendaria. Demokrazia Zuzendaritza Nagusia. Europako Kontseilua
16:00 - 16:45
Kontakizuna eta Ahozko Komunikazioen sari ematea
Irak. Dk. PATXI JUARISTI UPV-EHUko Bizkaiko campuseko errektoreordeaIÑIGO URKULLU LehendakariaModeratzailea: Irak. Dk. JON-M. LANDA Zuzenbide Penaleko Katedraduna eta Giza Eskubideen eta Botere Publikoen UNESCO Katedrako Zuzendaria. UPV/EHU
16:45
Saioaren amaiera
Webgune honek cookieak erabiltzen ditu zure esperientzia hobetzeko. Honekin ongi uztea espero dugu, baina desgaitu dezakezu nahi izanez gero.OnartuGehiago irakurri